2007/10/24

Iturrri kultur etxea abian da

Ikasturte berriarekin bat ateak ireki ditu Iturri kultur etxeak ere. Herrian hainbat tirabira sortu duen auzia da honakoa baina badirudi konpontze bidean jarri dela.

Etxearen eraikuntza herriko 20 bat kultur zein kirol taldek dituzten beharren erantzuna da, makina bat urte pasa baitituzte talde askok lokal eskasetan lanean. Elkarteek ilusioz jaso zuten proiektuaren berria eta hasieratik berau elkarlanean aurrera eramateko prest azaldu ziren nahiz eta Udalak ez dituen inoiz ez haintzat hartu: ez etxearen beharrak zerrendatzerakoan, ez lokalen banaketa egiterakoan, ez araudia eratzerakoan… sekula. Gainera, elkarteek egindako eskaera zein galderek ez dute inolako erantzunik jaso.

Apirilean, hauteskundeak zetozela eta arrapaladan egindako inaugurazioan ikusi bezala, kultur etxea Udala eta arkitektoaren arteko proiektu hutsala besterik ez zen izan orduko gobernu taldearentzat, Iturri Elkargunea osatzen duten 20 elkarteek (Barriketan (euskara elkartea), Kainabera, Esku Lana, Lilika (emakumeen taldea), Txantxibiri irratia, Intxorta (astialdi taldea), Besaide (dantza taldea), Elorrixa (ekologista taldea), Elorrixoko Gaztetxea, Filatelia, Iturri Zoro Elkartea, Argazki taldea, Arriola, Elorrioko Buzkantza (futbol kirol elkartea), Elorrio K.T., Erdella (mendizale taldea), Elorrixoko Nesken Futbol Taldea, Elorrio Rugby Taldea, Laguntza Txakurren Taldea, Larrano (parapente taldea), Zaldi Baltza (xake taldea) eta C. D. Elorrio. ) uko egin baitzioten etxean sartzeari; bai izandako kudeaketa, baita inposatutako araudi zentzugabea zela-eta.

Egoera honetan kultur etxea hutsik izan da denbora luzean harik eta gobernu talde berriak auzia bideratzeko borondatea azaldu duen arte. Tarte honetan, iburutegia, ateak zabalik izan dituen etxeko areto bakarra izan da nahiz eta bertan obrak egin behar izan dituzten berriz ere.

Abuztu erdialdean, Besaide dantza taldea, Intxorta asti elkartea, Elorrixa ekologista taldea eta gaztetxearen aterpe izandako Aldapebeitia jauregia itxi egin zuten gaztetxearen gaineko sabai faltsua jaustearen ondorioz arkitektoak egindako txostenak adierazten zuen agindua zela eta. Lokal hauek erabili ezinak Iturri kultur etxearen egoera bideratzea bizkortu du. Dagoeneko Udala hasi da lanean eta oraindik obra piloa dauden arren egiteke, lehen zeregina araudia egokitzea da, herriko errealitatea zein talde guztien beharrak haintzat hartuz. Honen harira, Niko Moreno, elorrioko alkateak adierazi duenez “taldeei ahalik eta bizkorren erantzun bat eman beharra dago elkarteen egoera oso zabal eta anitza baita” ; halaber, Kristina Sierra kultur zinegotziak araudi berria lantzen dabiltzala eta bitartean kultur taldeekin behin-behineko akordioak adostu dituztela gaineratu du.


http://www.anboto.org/albistea/3705/hiri-ordenaziorako-plangintza-orokorra-iturri/

http://www.anboto.org/albistea/3716/udalbatza-hirigintza-plana-alegazioak/

http://www.anboto.org/albistea/3763/iturri-kultur-etxea-inaugurazioa/

http://www.anboto.org/albistea/3782/kultur-etxe-iturri-elkargunea-protesta-greaves-bilbao/

http://www.anboto.org/albistea/4177/aldapebeitia-itxita-iturri-kultur-etxea/

http://www.anboto.org/albistea/4271/iturri-kultur-etxea-araudi-berria-elorrio-elkarteak-gaztetxea/

0 comentarios:

Blog Archive

About Me

Libe Mimenza
Multimedia Komunikazioa EHU-EITB Masterreko ikaslea
Ver todo mi perfil