2007/10/30

TIK…TAK…TIK…TAK…TIK…TAK…KASHBAD!


Hainbat urte eta gero Oreretako Kashbad taldeak lepo bete ditu bai Bilbo, Gasteiz zein Oreretako aretoak pasadan asteburuan. Aukera paregabea izan da hortaz, Euskal Rock mugimenduak eman duen talderik esanguratsuenetariko bat berriz ere taula gainean ikusteko. Punk-a, hardcore-a eta reggae-a uztartzen zituzten hiru disko (kashbad, distantzia eta hesiak) kaleratu zituen 90. hamarkadan zehar, bi Gorkek (baxua eta gitarra), Txikik (bateria) eta Sorkun kantariak gidaturiko taldeak. Kashbad-ek eragin nabaria izan zuen belaunaldi oso batengan, askorentzat erreferentzia bihurtuz. Lan gogorreko zazpi urteren buruan Euskal Herri osoa, Galiza eta Catalunya zeharkatu ondoren, taldea gelditu egin zen nahiz eta gerora bakoitzak bere bidea egin duen. Ez dira itzuli, ez da kontzertu gehiagorik egongo baina sarrera guztiak agortu dira euforiaz beteriko azken hiru ikuskizunetan eta dena eman dute, musutruk!

Itxarongelaren erlojuak gure txanda heldu dela diozku. Errekaren mugimendu berdeak zabaldu zizkigun belarriak eta ikaragarri gozarazi gintuzten 5 oreretarrek. Plazer bat izan da Bilboko Kafe Antzokian bizitakoa. Indarrez hasi zuten kontzertua eta are indar gehiagoz amaitu zuten bi ordu inguruko emanaldia. Antzokia lepo beteta, jendea zai eta hasi orduko txaloka, abesten, dantzatzen… 90. hamarkadako erritmoak pasiatu ziren ikusleon barrenetatik eta ez dugu kontzertu hau denbora luzean ahaztuko;(norberak bere kontuak atera ditzala) ez nik behintzat!




Sorginak aspaldi erre bazituzten eta zientzia
izotzezko pista batetan badabil
progresoaren bide usteletik atzera bueltarik gabe,
frenorik gabe,
asteburuan auto-istripuz joandakoen antzera...
Zeri eutsi behar diot?
Erabakiak nere izenean hartzen badira
eta baloreak kolokan badaude
edo ez badute balio...
Zeri eutsi behar diot?



Badakit uraren gainean ibiltzen.

Hankak lurretik altxa gabe hegan egiten.
Badakit suaren azpian dantzatzen.
Badakit zer eta badakit noiz.



Oinak urratu artean.
Defendatuko gara.

Askatasunerantz, gure hitza
astinduko dugu mastaren gorenean.
2007/10/29

24 ORDU DIGITALEAN

Arriolako II. Filme laburren lehiaketa

24 Ordu Digitalean lehiaketa edonori zuzenduta dago; bai amateurrei zein profesionalei. Elorrion iaztik egiten den laburmetrai lehiaketa honen bereizgarria hasierako ideiatik azkenengo produkturarteko pausu guztiak 24 ordutan burutu behar direla da. Oinarriak Arriola Antzokian aurkeztuko dira, azaroaren 2an arratsaldeko 18:00etan eta filmak 24 ordu geroago jasoko dira leku berean. Dena formato digitalean egin beharko da miniDV, Dvcam, HD... euskarriak erabiliz eta ediziorako nahi den programa exekutatuz. Baldintza bakarra azken produktua miniDV formatuan aurkeztea da. Laburmetraien emanaldia eta sari banaketa (1.200€, 900€, 600€) azaroaren 3an 22:00etan izango da Arriola Antzokian.

Izena emateko azken eguna: urriak 31
2007/10/24

LIBURUTEGIEN EGUNA

Liburutegien eguna dela eta Elorrioko liburutegiak, “liburu bat adiskide bat” lemapean, lagun edo senide batekin liburutegira hurreratzen direnei opari bana banatuko die gaur arratsaldean.
Eusko Jaurlaritzaren babesa daukan “Irakurri kanpaina”ren baitan beste bi ekintza ere antolatu dituzte liburutegiko zerbitzuak herritarrengana hurbiltzeko helburuarekin.
Alde batetik, “Familiak ere kontatzen du: etxean irakurtzeko gogoa pizteko 12 urrats” gidaren bidez 3-6 urte bitarteko haurrengan irakurzaletasuna piztu nahi dute. Gidak liburutegian bertan jaso daitezke, euskaraz zein gaztelaniaz.


Bestetik, “Liburua ageri duen erretratua” deituriko argazki digitalen lehiaketa ere antolatu dute, 12-16 urte bitarteko DBHko ikasleentzat. Partehartzaileek sormen lan original bat aurkeztu beharko dute, irakurtzen ari den edota liburu batekin ageri den pertsona bat iradokiz. Lanak azaroaren lehen hamabostaldian aurkeztu behar dira liburutegian bertan eta azaroaren 30ean jakinaraziko dira eskuko ordenagailu, ipod, kamera digital etab.ak irabazi dituztenen izenak.

Iturrri kultur etxea abian da

Ikasturte berriarekin bat ateak ireki ditu Iturri kultur etxeak ere. Herrian hainbat tirabira sortu duen auzia da honakoa baina badirudi konpontze bidean jarri dela.

Etxearen eraikuntza herriko 20 bat kultur zein kirol taldek dituzten beharren erantzuna da, makina bat urte pasa baitituzte talde askok lokal eskasetan lanean. Elkarteek ilusioz jaso zuten proiektuaren berria eta hasieratik berau elkarlanean aurrera eramateko prest azaldu ziren nahiz eta Udalak ez dituen inoiz ez haintzat hartu: ez etxearen beharrak zerrendatzerakoan, ez lokalen banaketa egiterakoan, ez araudia eratzerakoan… sekula. Gainera, elkarteek egindako eskaera zein galderek ez dute inolako erantzunik jaso.

Apirilean, hauteskundeak zetozela eta arrapaladan egindako inaugurazioan ikusi bezala, kultur etxea Udala eta arkitektoaren arteko proiektu hutsala besterik ez zen izan orduko gobernu taldearentzat, Iturri Elkargunea osatzen duten 20 elkarteek (Barriketan (euskara elkartea), Kainabera, Esku Lana, Lilika (emakumeen taldea), Txantxibiri irratia, Intxorta (astialdi taldea), Besaide (dantza taldea), Elorrixa (ekologista taldea), Elorrixoko Gaztetxea, Filatelia, Iturri Zoro Elkartea, Argazki taldea, Arriola, Elorrioko Buzkantza (futbol kirol elkartea), Elorrio K.T., Erdella (mendizale taldea), Elorrixoko Nesken Futbol Taldea, Elorrio Rugby Taldea, Laguntza Txakurren Taldea, Larrano (parapente taldea), Zaldi Baltza (xake taldea) eta C. D. Elorrio. ) uko egin baitzioten etxean sartzeari; bai izandako kudeaketa, baita inposatutako araudi zentzugabea zela-eta.

Egoera honetan kultur etxea hutsik izan da denbora luzean harik eta gobernu talde berriak auzia bideratzeko borondatea azaldu duen arte. Tarte honetan, iburutegia, ateak zabalik izan dituen etxeko areto bakarra izan da nahiz eta bertan obrak egin behar izan dituzten berriz ere.

Abuztu erdialdean, Besaide dantza taldea, Intxorta asti elkartea, Elorrixa ekologista taldea eta gaztetxearen aterpe izandako Aldapebeitia jauregia itxi egin zuten gaztetxearen gaineko sabai faltsua jaustearen ondorioz arkitektoak egindako txostenak adierazten zuen agindua zela eta. Lokal hauek erabili ezinak Iturri kultur etxearen egoera bideratzea bizkortu du. Dagoeneko Udala hasi da lanean eta oraindik obra piloa dauden arren egiteke, lehen zeregina araudia egokitzea da, herriko errealitatea zein talde guztien beharrak haintzat hartuz. Honen harira, Niko Moreno, elorrioko alkateak adierazi duenez “taldeei ahalik eta bizkorren erantzun bat eman beharra dago elkarteen egoera oso zabal eta anitza baita” ; halaber, Kristina Sierra kultur zinegotziak araudi berria lantzen dabiltzala eta bitartean kultur taldeekin behin-behineko akordioak adostu dituztela gaineratu du.


http://www.anboto.org/albistea/3705/hiri-ordenaziorako-plangintza-orokorra-iturri/

http://www.anboto.org/albistea/3716/udalbatza-hirigintza-plana-alegazioak/

http://www.anboto.org/albistea/3763/iturri-kultur-etxea-inaugurazioa/

http://www.anboto.org/albistea/3782/kultur-etxe-iturri-elkargunea-protesta-greaves-bilbao/

http://www.anboto.org/albistea/4177/aldapebeitia-itxita-iturri-kultur-etxea/

http://www.anboto.org/albistea/4271/iturri-kultur-etxea-araudi-berria-elorrio-elkarteak-gaztetxea/
2007/10/16

AHTren kontrako mozioa aurkeztuko da Elorrioko Udaletxean



Abiadura Handiko Trenaren aurkako mozioa aurkeztuko da datorren ostegunean, urriak 18, Elorrioko udaletxean. Arratsaldeko 19:00etan, AHT gelditu! Elkarlanak deituta enkartelada egingo da plazan eta ondoren, 19:30etan, Udaleko Osoko Bilkuran burutuko da mozioaren aurkezpena.



AHTren aurkako jarrera duten hainbat alkate, zinegotzi, kontseju ordezkari eta eragilek pasadan urriaren 6an Elorrion egindako batzarrean adierazi bezala “AHTren aurka indarrak batu eta egitasmoaren inposaketari elkarrekin aurre egiteko garaia da”. Gainera, herritarren ordezkari diren heinean egitasmo antiekologiko zein antisozial hau gelditu eta gizarte eztabaida eta erabakitze prozesua bultzatzeko ahalegin guztiak egiteko konpromezua adierazi zuten.



Udaran zehar, ehundaka herritarrek Eusko Jaurlaritzan agertutako alegazioekin beren hitza adierazi eta borondate hori errespetaraztea galdatu zuten eta orain, berriz ere bide judizialetik, AHTren eraikuntza lanak nahiz osagarri diren ekintza guztiak gelditzeko mozioa aurkeztuko dute elorriarrek Udaletxean.
2007/10/15

"el precio de la verdad" filmaren praktika lana




_ Film hau giza-erantzukizunaren teoriarekin identifikatzen dut. Batez ere, teoria hau gertakizunen kontaera egiazkorrean oinarritzen delako eta aztertu beharreko film honetan kontatzen dena egiaren irizpidearen urraketa baita. Eta beste alde batetik filmean zehar nabaritzen da komunikabideek, kasuan protagonista den The New Republic aldizkari politikoak hain zuzen, sistema politikoari zerbitzua eman behar diotela eta beren lana dibertimendua eskainiz egin behar dutela aldi berean. Giza-erantzukizunaren teoriaren ezaugarri dira arestian aipaturiko irizpideak baina ez dira bakarrak: komunikabideek publikoa hezi behar dute, gizakiaren eskubideak zaindu, sistema ekonomikoa lagundu eta aldi berean finantzabide propioak bilatu behar dituzte merkatuan bizirauteko. Gainera, komunikabideek eguneko gertaerak kontatu behar dituzte. Narrazioak eratzerakoan, informazioa eta iritzia bereizi behar dira eta era berean iruzkin zein kritiken gune bilakatu behar dira hedabideak; horrela, iritzi publikoa sortu eta igortzeko. Lan honetan, gizartearen benetako helburu eta baloreak aurkezteko, gizartea bera osatzen duten talde guztiak izan behar dira subjektu garrantzitsu.


_ Giza-erantzunkizunaren antonimo litzateke agintekeriaren teoria. Historian urte luzeetan zehar gailendu den filosofia honek, autoritarismo totala du ardatz eta zentzura erabili izan du (darabil) iritzi kontrajarriak ezabatzeko eta igorlearen boterea kolokan ez jartzeko. Komunikabideen helburua momentuan boterea duen Gobernuaren politikarako lagungarri izango den prentsa eratzea da eta ez errealitatean, bizi dugun giza-pluraliate honetan, pasatzen diren gertakizunen kontaera egiazkorra eskaintzea. Are gutxiago, gezurrik ez duen kontaera zabal eta sakona helaraztea, Estatuari ez baitzaizkio bere herrialdeko jendearen eskubideak eta askatasuna axola. Duten boterea izatean jarraitzeko bermea da gobernuaren ardura garrantzitsuena eta horretarako gertaerak (informazioa eta iritzia nahastuz) dogma bezala aireratzen dituzte.


_ Gaur egungo adibideak:

Giza-erantzukizunaren teoria: Nire iritziz, Euskal Herrian sortzen den kazetaritza teoria honen itzalpean egiten da. Hedabide bat: Berria

Agintekeriaren teoria: Orain gutxi ohiartzun handia izan duen Birmaniako egoera da teoria hau ondoen islatzen duena. Myanmar-en, internetera zuten konexio mugatua ere moztu baitute, zentsura inposatuz. Hedabide bat: Birmaniako erregimen militarrak bere mezuak mundura zabaltzeko erabiltzen duen egunkari ofiziala: The New Light of Myanmar


_ Filmeak gogor kritikatzen du komunikabideetan infromazioa nagusitu beharrean entretenimendua izatea garrantzitsuena. Gauza jakina da, egun ere, hedabideek nahiago dutela espektakuluan eta dibertsioan mamitzea gertaerak neurtu eta sakon azaldu baino, herrialde askotan (nire aburuz baita gurean ere batzutan) egia kontatu beharrean nahigo baita isildu. Kazetaritza-lanbidearen sinesgarritasuna, ondorioz komunikabideena baita, egiarekiko konpromezuan datza. Hedabideen oinarrizko betebeharra beharko luke izan egiaren eta kazetariak, profesionala izanik, etikadun pertsona izan beharra dauka bai egiari eta baita irakurleari ere zor zaion errespetuagatik.
2007/10/10

Gaur ere txiza egingo digute eta prentsak euria izango du hizpide

Blog Archive

About Me

Libe Mimenza
Multimedia Komunikazioa EHU-EITB Masterreko ikaslea
Ver todo mi perfil