2007/12/07

ELORRIO APURTUKO DUEN TRENARI... EZ!!!

Parte hartzaileen %93a AHTren aurka agertu da

"Ados zagoz gauzatu gura daben Abiadura Haundiko Trenaren proiektuaz?" Abiadura Handiko Trenari buruzko iritzia eman dute igande honetan elorrixotarrek.

Bost mahai eratu ziren goizeko 8:30etan herriko polikiroldegian bakoitza presidente bat eta bi bokalez osatuta, horrela, 9:00etan ireki ziren arratsaldeko 20:00ak arte bozkatzeko aukera eman zuten mahaiak. Prozesuaren gardentasuna gordetzeko Berme Batzorde bat osatu zen inguruko zinegotzi eta alkateekin.


Bozkatzera deituta zeuden 6.076 biztanletik, 2.281 herritarrek hartu dute parte; hau da, elorrion erroldatutakoen %37,54ak. Biziki adierazgarria da ezezkoen kopurua; %93,34. Elorriok ez du AHTrik nahi!


Orainarteko bidean hainbat oztopo izan dira: urriaren 18an herritar talde batek Udalari AHTren inguruko kontsulta egitea eskatu zioten eta Udalak, proiektu honek Elorrion eta herritarrengan duen eragina haintzat hartuta, eskaera bere egin eta kontsulta egiteko konpromezua hartu zuen. Pasadan ostegunean aldiz, Espainiko Gobernuak EAEn duen Paulino Luesma ordezkariak herri-kontsultaren aurkako helegitea jarri eta Udala inoiz egin den ariketa demokratikoena den kontsulta hori egiteko eskumenik gabe utzi zuen. Hala ere, egun berean herritar talde batek deialdia beren gain hartu zuen eta herri-galdeketak bere fruituak eman ditu.
Beraz, esan beharra dago, jazotako aldaketak zein eragile politiko batzuen kontsultaren aurkako jarrerek ( EAJ, PSOE ) parte hartzearen eta azken emaitzen datuak baldintzatu dituztela baina hala eta guztiz ere, 3tik 1ek ezetz esan du.

"Parte hartzearen datuak bikainak direla " adierazi dute antolatzaileek eta hemendik aurrera bi bidetatik egingo dituzte publiko datuak: alde batetik emaitzak herritarrei jakinaraziko dizkiete eta bestalde, Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiari eta bereziki, AHTren kudeatzailea den Eusko Jaurlaritzari. Elorrixoko hitz egin du: AHTrik EZ!!!



http://www.gara.net/paperezkoa/20071203/51551/eu/Elorrioko-eta-Anoetako-herritarrak-ia-aho-batez-AHTren-aurka-agertu-dira
2007/12/02

HAUR LITERATUR ARETOA ELORRION


Haur literatur aretoa antolatu du Udaleko Euskara Kontseiluak bederatzigarren urtez jarraian eta aurtengoan, Iturri Kultur etxeko erakusketa gelan hartu du lekua. Durangoko euskal liburu eta disko azokaren aurrekari den eta haurren artean irakurzaletasuna sustatzea helburu duen ekimen hau “Wendyren zabua” antzezlanarekin amaituko da gaur Arriola Kultur Aretoan. Peter Panen historia oinarri moduan hartuta “hazi edo ez hazi” ezbaiaren artean hausnartuko du nafarroako Atikus Teatroa konpainiak arratsaldeko bostetan ikusgai izango den antzerkian.

BUKATU DA XVIII. JAZZ BLUES JAIALDIA

Udazkenetan Jazz eta Blues doinuen melodiarekin erortzen dira zuhaitzetako hostoak elorrion. 18 urte dira soinu hauek Arriola Antzokian entzuten; ateneoan dantzatzen eta azkenaldian herriko pare bat tabernetan gozatzen ditugula. Edizioz edizio jaialdiak hobera egin du, kalitatea nagusi da eta gero eta jende gehiago hurbiltzen da kezko pentagrama eroetan mozkortzera.


Aurtengoan, musikari estatalak zein nazioartekoak pasa dira eszenatokietatik eta gainera, blues estiloko gitarra ikastaro bat ere antolatu da Arriola Aretoaren eskutik . Zazpi talde izan dira elorrion, 4 blues banda eta 3 jazz talde. Mamba Beat, People are Machines, Eugene Hideaway Bridges, The Reverendos, Belbeceblues, Javier Colina, Mariano Diaz eta Guillermo Mcgillen hirukotea eta Memo González and The Bluescarters musikariak igaro dira ateneoko eta Parra zein Portalekua tabernetako taula gainetik.

2007/11/26

EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIAREN KONTRAKO NAZIOARTEKO EGUNA

Igandean izan zen emakumearenganako indarkeria gaitzesteko nazioarteko eguna eta honen harira elkarretaratzea egin zen elorrioko plazan eguerdiko 12:30etan. Ondoren luntxa izan zuten bertara hurbildutakoek eta herriko graffitigile batek aldarrikapen-murala egin zuen momentuan bertan. Hainbat lagun bildu ziren emakumeenganako biolentzia salatzeko eta nahikoa dela esateko.

Munduan 18 segunduro jasaten ditu tratu txarrak emakumezko batek eta jakina den arren sistema guztiz patriarkalean bizi garela egoera aldatzeko ordua heldu da; gure kontzientziei astindu bat eman eta norberak biratu behar du aldaketaren giltza. Ideietatik hasi, hizkuntza egoki erabili eta jokaerak aldatu; erasorik ez erantzunik gabe!

http://www.gara.net/paperezkoa/20071124/50058/eu/Emakumeen-aurkako-indarkeria-gaitzesteko-oihua-kalean
2007/11/25

GASTEIZ, PRENTSA-ARGAZKILARITZARI BEGIRA


Gasteiz prentsa-argazkilaritzaren hiriburu bihurtu da urriaren 18tik abenduaren 9ra bitartean. 9 erakusketa daude ikusgai hainbat areto eta kaleetan zehar barreiatuta; guztira, 41 nazio ezberdinetako 162 erreportari grafikok 808 argazki aurkeztu dituzte.

Historia argazkirik gabe imajinatu beharreko mosaiko kaotikoa besterik ez zen izango baina Gasteizen aurkitu daitezkeen altxor grafikoak egungo gertaera, gerra, miseria, balore, sentimendu zein munduaren isla paregabea dira. Gaur egungo argazkilaritza dokumentalak batzen dituen hainbat alderdik osatzen dute kalitatezko aukera zabal bezain interesgarria eskaintzen duen “Periscopio, prentsa-argazkilaritzari begira” ekimena.

Andra Mari Zuriaren Plazan “Afganistango kontrasteak” izenburudun bilduma ikusi dut lehenbizi eta Ahmad Masood argazkilariak suntsiturik dagoen herrialde honen xarma helarazi dit. Afganistan talibanen aurkako gudak eragindako ezegonkortasunean murgilduta egon arren argazki gehinak kolore bizidunak dira eta ironia puntu bat duten umorea gordetzen dute bere baitan. Era samurrean eta gozoan uztartu ditu egileak bai guda eta baita eguneroko bizimodua; soltean zein nahasita.

Montehermoso jauregian “Contraseñas: best regards form the blind spot”, “Economias del Deseo”, “Ninguna mujer nace para puta”, eta “Sed de infinito” erakusketekin bat “world press photo 07”, munduko prentsa-argazkilaritza lehiaketa garrantzitsuena dago ikusgai. Gatazkak, pobrezia, natura, kirola eta kultura ardatz duten 200 argazki inguru batzen dira bertan. Larunbat arratsaldean aretoa beteta zegoela eman nion buelta argazkiz argazki bizi garen globoari eta gogoeta bat baino gehiago eginda irten nintzen jauregitik. Irudi korapilatsuak munduaren zailtasunaren ispilu dira eta askotan irakurtzen ditugun milaka hitzek baino gehigo irakasten digu irudi batek. Guztiok gara nahi edota nahi ez munduan gertatzen diren zorigaitzen erantzule eta ez gara ohartzen ikuspuntu pribilegiatu batetik begiratzeko aukera dugula eromenean murgilduta dagoen mundu kaotiko hau.

Aukera duena pasia dadila Gasteiztik!
2007/11/19

HERRI GALDEKETA ABENDUAREN 2an


AHTren inguruko herri galdeketa egingo da datorren abenduaren 2an elorrixoko AHT Gelditu! Elkarlanak eta Udalak deituta. Udalean AHTren aurkako mozioa aurkeztu eta onartu ondoren, orain gutxiko topaketan antzokia lepo bete ondoren, Udalak AHTren aurkako jarrera hartu ondoren herritarrek beren iritzia azalduko dute inori galdetu gabe inposatu nahi diguten proiektu txikitzaile honen inguruan. Hilabetetako lanaren ondorio da herri galdeketa eta herritarrek informazio dezente jaso dute azken urtean. Ez administrazioari esker, dena isilpean egin nahi baitute, zeren beldur ote dira ba? baina bai hainbat kaltetu eta bolondresei esker.

Abenduaren 2an gure hautua egingo dugu. Elorrixotik ez da AHTrik pasako!
2007/11/15

LANGILE BAT HIL DA ELORRIOKO LEUNKETAN ENPRESAN GERTATUTAKO LAN ISTRIPUAN

Besaide industriagunean jaso zen ezbeharra atzo goizeko 10:25 inguruan. Istripuan elorrixoko 22 urteko gazte bat hil zen eta beste bost langile zaurituak izan ziren, haietako bi larri daudelarik Gurutzetako ospitaleko erredura larrien unitatean.

Bi behargin teilatuan ari ziren lanean eta txispa bat magnesio hautsaren gainera erortzean hasi zen ezbeharra baina Leunketan 2003 SL enpresako langile batek sua itzaltzeko ura erabiltzean bihurtu zen tragedia. Magnesioa gai kimiko guztiz errekorra da eta urarekin erreakzionatzean eztanda egiten du. Suhiltzaileek ordu eta erdi behar izan zuten egoera kontrolatu eta hondarrarekin sua itzaltzeko.


Arratsaldeko 19:30etan Elorrixoko Ezker Abertzaleak eta LABek deituta ehundaka lagun bildu ziren herria saminduta utzi duen gertaera hau salatzeko. Lan istripu bat beti da injustua eta mingarria baina are gehiago heriotzak ezustekoan gaztetasuna lapurtzen duenean. Bizitza berez da gogorra eta bidegabea baina gaurkoan iluntasuna beltzago ikusten dugu, inor ez delako bere bizitzaren jabe eta gure eskuetatik ihes egiten duten milaka faktorek hil gaitzakelako gure unerik onenean.



LAINOTATIK JAUSITAKO EURI TANTAKAK BEZALA ITSASORA ERORTZEAN BATUKO GARA! AGUR EZ GEROARTE!

Blog Archive

About Me

Libe Mimenza
Multimedia Komunikazioa EHU-EITB Masterreko ikaslea
Ver todo mi perfil