2007/11/25

GASTEIZ, PRENTSA-ARGAZKILARITZARI BEGIRA


Gasteiz prentsa-argazkilaritzaren hiriburu bihurtu da urriaren 18tik abenduaren 9ra bitartean. 9 erakusketa daude ikusgai hainbat areto eta kaleetan zehar barreiatuta; guztira, 41 nazio ezberdinetako 162 erreportari grafikok 808 argazki aurkeztu dituzte.

Historia argazkirik gabe imajinatu beharreko mosaiko kaotikoa besterik ez zen izango baina Gasteizen aurkitu daitezkeen altxor grafikoak egungo gertaera, gerra, miseria, balore, sentimendu zein munduaren isla paregabea dira. Gaur egungo argazkilaritza dokumentalak batzen dituen hainbat alderdik osatzen dute kalitatezko aukera zabal bezain interesgarria eskaintzen duen “Periscopio, prentsa-argazkilaritzari begira” ekimena.

Andra Mari Zuriaren Plazan “Afganistango kontrasteak” izenburudun bilduma ikusi dut lehenbizi eta Ahmad Masood argazkilariak suntsiturik dagoen herrialde honen xarma helarazi dit. Afganistan talibanen aurkako gudak eragindako ezegonkortasunean murgilduta egon arren argazki gehinak kolore bizidunak dira eta ironia puntu bat duten umorea gordetzen dute bere baitan. Era samurrean eta gozoan uztartu ditu egileak bai guda eta baita eguneroko bizimodua; soltean zein nahasita.

Montehermoso jauregian “Contraseñas: best regards form the blind spot”, “Economias del Deseo”, “Ninguna mujer nace para puta”, eta “Sed de infinito” erakusketekin bat “world press photo 07”, munduko prentsa-argazkilaritza lehiaketa garrantzitsuena dago ikusgai. Gatazkak, pobrezia, natura, kirola eta kultura ardatz duten 200 argazki inguru batzen dira bertan. Larunbat arratsaldean aretoa beteta zegoela eman nion buelta argazkiz argazki bizi garen globoari eta gogoeta bat baino gehiago eginda irten nintzen jauregitik. Irudi korapilatsuak munduaren zailtasunaren ispilu dira eta askotan irakurtzen ditugun milaka hitzek baino gehigo irakasten digu irudi batek. Guztiok gara nahi edota nahi ez munduan gertatzen diren zorigaitzen erantzule eta ez gara ohartzen ikuspuntu pribilegiatu batetik begiratzeko aukera dugula eromenean murgilduta dagoen mundu kaotiko hau.

Aukera duena pasia dadila Gasteiztik!

0 comentarios:

Blog Archive

About Me

Libe Mimenza
Multimedia Komunikazioa EHU-EITB Masterreko ikaslea
Ver todo mi perfil