2007/11/26

EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIAREN KONTRAKO NAZIOARTEKO EGUNA

Igandean izan zen emakumearenganako indarkeria gaitzesteko nazioarteko eguna eta honen harira elkarretaratzea egin zen elorrioko plazan eguerdiko 12:30etan. Ondoren luntxa izan zuten bertara hurbildutakoek eta herriko graffitigile batek aldarrikapen-murala egin zuen momentuan bertan. Hainbat lagun bildu ziren emakumeenganako biolentzia salatzeko eta nahikoa dela esateko.

Munduan 18 segunduro jasaten ditu tratu txarrak emakumezko batek eta jakina den arren sistema guztiz patriarkalean bizi garela egoera aldatzeko ordua heldu da; gure kontzientziei astindu bat eman eta norberak biratu behar du aldaketaren giltza. Ideietatik hasi, hizkuntza egoki erabili eta jokaerak aldatu; erasorik ez erantzunik gabe!

http://www.gara.net/paperezkoa/20071124/50058/eu/Emakumeen-aurkako-indarkeria-gaitzesteko-oihua-kalean
2007/11/25

GASTEIZ, PRENTSA-ARGAZKILARITZARI BEGIRA


Gasteiz prentsa-argazkilaritzaren hiriburu bihurtu da urriaren 18tik abenduaren 9ra bitartean. 9 erakusketa daude ikusgai hainbat areto eta kaleetan zehar barreiatuta; guztira, 41 nazio ezberdinetako 162 erreportari grafikok 808 argazki aurkeztu dituzte.

Historia argazkirik gabe imajinatu beharreko mosaiko kaotikoa besterik ez zen izango baina Gasteizen aurkitu daitezkeen altxor grafikoak egungo gertaera, gerra, miseria, balore, sentimendu zein munduaren isla paregabea dira. Gaur egungo argazkilaritza dokumentalak batzen dituen hainbat alderdik osatzen dute kalitatezko aukera zabal bezain interesgarria eskaintzen duen “Periscopio, prentsa-argazkilaritzari begira” ekimena.

Andra Mari Zuriaren Plazan “Afganistango kontrasteak” izenburudun bilduma ikusi dut lehenbizi eta Ahmad Masood argazkilariak suntsiturik dagoen herrialde honen xarma helarazi dit. Afganistan talibanen aurkako gudak eragindako ezegonkortasunean murgilduta egon arren argazki gehinak kolore bizidunak dira eta ironia puntu bat duten umorea gordetzen dute bere baitan. Era samurrean eta gozoan uztartu ditu egileak bai guda eta baita eguneroko bizimodua; soltean zein nahasita.

Montehermoso jauregian “Contraseñas: best regards form the blind spot”, “Economias del Deseo”, “Ninguna mujer nace para puta”, eta “Sed de infinito” erakusketekin bat “world press photo 07”, munduko prentsa-argazkilaritza lehiaketa garrantzitsuena dago ikusgai. Gatazkak, pobrezia, natura, kirola eta kultura ardatz duten 200 argazki inguru batzen dira bertan. Larunbat arratsaldean aretoa beteta zegoela eman nion buelta argazkiz argazki bizi garen globoari eta gogoeta bat baino gehiago eginda irten nintzen jauregitik. Irudi korapilatsuak munduaren zailtasunaren ispilu dira eta askotan irakurtzen ditugun milaka hitzek baino gehigo irakasten digu irudi batek. Guztiok gara nahi edota nahi ez munduan gertatzen diren zorigaitzen erantzule eta ez gara ohartzen ikuspuntu pribilegiatu batetik begiratzeko aukera dugula eromenean murgilduta dagoen mundu kaotiko hau.

Aukera duena pasia dadila Gasteiztik!
2007/11/19

HERRI GALDEKETA ABENDUAREN 2an


AHTren inguruko herri galdeketa egingo da datorren abenduaren 2an elorrixoko AHT Gelditu! Elkarlanak eta Udalak deituta. Udalean AHTren aurkako mozioa aurkeztu eta onartu ondoren, orain gutxiko topaketan antzokia lepo bete ondoren, Udalak AHTren aurkako jarrera hartu ondoren herritarrek beren iritzia azalduko dute inori galdetu gabe inposatu nahi diguten proiektu txikitzaile honen inguruan. Hilabetetako lanaren ondorio da herri galdeketa eta herritarrek informazio dezente jaso dute azken urtean. Ez administrazioari esker, dena isilpean egin nahi baitute, zeren beldur ote dira ba? baina bai hainbat kaltetu eta bolondresei esker.

Abenduaren 2an gure hautua egingo dugu. Elorrixotik ez da AHTrik pasako!
2007/11/15

LANGILE BAT HIL DA ELORRIOKO LEUNKETAN ENPRESAN GERTATUTAKO LAN ISTRIPUAN

Besaide industriagunean jaso zen ezbeharra atzo goizeko 10:25 inguruan. Istripuan elorrixoko 22 urteko gazte bat hil zen eta beste bost langile zaurituak izan ziren, haietako bi larri daudelarik Gurutzetako ospitaleko erredura larrien unitatean.

Bi behargin teilatuan ari ziren lanean eta txispa bat magnesio hautsaren gainera erortzean hasi zen ezbeharra baina Leunketan 2003 SL enpresako langile batek sua itzaltzeko ura erabiltzean bihurtu zen tragedia. Magnesioa gai kimiko guztiz errekorra da eta urarekin erreakzionatzean eztanda egiten du. Suhiltzaileek ordu eta erdi behar izan zuten egoera kontrolatu eta hondarrarekin sua itzaltzeko.


Arratsaldeko 19:30etan Elorrixoko Ezker Abertzaleak eta LABek deituta ehundaka lagun bildu ziren herria saminduta utzi duen gertaera hau salatzeko. Lan istripu bat beti da injustua eta mingarria baina are gehiago heriotzak ezustekoan gaztetasuna lapurtzen duenean. Bizitza berez da gogorra eta bidegabea baina gaurkoan iluntasuna beltzago ikusten dugu, inor ez delako bere bizitzaren jabe eta gure eskuetatik ihes egiten duten milaka faktorek hil gaitzakelako gure unerik onenean.



LAINOTATIK JAUSITAKO EURI TANTAKAK BEZALA ITSASORA ERORTZEAN BATUKO GARA! AGUR EZ GEROARTE!
2007/11/13

AHTren AURKAKO TOPAKETA JENDETSUA ELORRION

Ehundaka lagun bildu ziren iragan igandean Arriola Antzokian AHT Gelditu! Elkarlanak deitutako topaketan.

AHT Gelditu! Elkarlaneko Marta Urrutxi eta Gaizka Jareñorekin bat EHUko hidrogeologian katedraduna den Iñaki antigüedad irakaslea ere izan zen bertan hizlari eta proiektu honen eraginez gain urte amaiera baino lehen herrian egingo den herri galdeketaren garrantziaz ere aritu ziren. “Garrantzitsua eta beharrezkoa da herritarrek beren iritzia azaltzea megaproiektu hau herritik pasatzearen gainean”. Bestalde, Elorrioko lau zatiei buruz jasotako datuak berbaz zein grafikoki azaldu zituzten eta trenak kalterik handiena Elorrio-Atxondo zatian eragingo lukeela ohartarazi zuten nahiz eta oinarrizko proiektua baino ez den ezagutzen. Orain da momentua, Elorrio-Arrasate zatiaren eraikuntza lanak 2008ko hasieran hastea baitago aurreikusita. Igandean bildutako 400 pertsona inguruk ez dute herri galdeketan hutsik egingo eta beste danok ere beste hainbeste egin beharko dugu; nahi edo ez gure hitza entzun eta errespetatu dezaten.
Ez hemen,
ez orain,
ez han,
ez gero
AHT RIK EZ!!!
2007/11/08

XEBER ASKATU!

Xeber Zubiaga elorriarra atxilotu dute astean zortzi urteko espetxe zigorra betearazteko. 2000. urteko abuztuan Donostian izandako kale erasoetan parte hartzea egozten diote. Orduan hiru gazte elorrixotar atxilotu zituzten eta lau urte beranduago eraman zuen preso Xeber Ertzaintzak, Donostian atxilotutakoen furgonetan zegoen jertse batetan bere ADNa zegoela argudiatuta. 2005eko otsailean askatu zuten 3.000€ko bermea ordainduta, gerora epaitu eta Espainiako Auzitegi Nazionalak zortzi urteko espetxe zigorra ezarri zion aurtengo otsailean. Zubiagak helegitea jarri zuen eta Auzitegi Gorenak duela bi aste berretsi zuen Auzitegi Nazionalaren zigorra. Mobilizazio jendetsuak izan dira egunotan Xeber askatzea eta euskal gazteria bakean uztea aldarrikatzeko.

XVIII. MARGO LEHIAKETA


XVIII. “Errebonbillo” kanpoko margo lehiaketa egin zen pasadan azaroaren 3an Elorrion eta herriko kale, parke zein elizak margolariz bete ziren herriak daukan xarma margo ohialetan isladatzekotan. Udalak partehartzaileei luzatutako gaia “elorrioko motibo ikusgarriak” izan zen eta lehenengo saria Carlos Baudillo bilbotarrak jaso zuen goian ageri den “Eroski berria” izenburuko lana aurkeztuta. Eroski berriak eztabaida sortu du elorrioko merkatarien artean eta egia den arren eroskiren almazena eta banaketa gunea elorrion egonda guztiz eroski prekarioa geneukala orainarte ikusteko dago gune berriak herriko hainbat dendei eragingo dien kaltea. Merkatariek behintzat ez dute 600€ ordainduko lan honengatik.

Lehiaketara aurkeztutako lan guztiak Iturri Kultur Etxean daude ikusgai zein salgai datorren azaroaren 25a bitartean.

Blog Archive

About Me

Libe Mimenza
Multimedia Komunikazioa EHU-EITB Masterreko ikaslea
Ver todo mi perfil